skip to Main Content

Aurretiazko izen-ematea egin zuten kirolarien arteko zozketa egin zenetik ia bi hilabete igaro direnean, Zarauzko kirol froga esanguratsuenetarikoa denaren 33.edizioa aurkeztu genuen atzo Zarauzko Udaleko Herritarren Arreta Zentroan. Gorka Silvan, Zarauzko Triatloi Elkarteko presidenteak, Ainhoa Murua triatleta olinpikoak eta Iban San Martin, Zarauzko Udaleko Kirol Zinegotziak parte-hartu zuten prentsaurrekoan.

Azaroaren 28an burutu genuen 2019 ekainaren 8an ospatuko den Zarauzko Triatloiaren izen-emate zozketa. Zarauzko Udaleko pleno aretoan bildu ziren Gorka Silvan presidentea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Iban San Martin kirol zinegotzia. Zozketan 376a izan zen zenbaki saritua eta hortik aurrerako 599 zenbakiek Zarauzko Triatloian izena emateko aukera eskuratu zuten.

Aurrez izen emandakoak 2.800 pertsona izan dira edizio honetan, iaz baino %40 gehiago, alegia. Behin-behineko izen-ematearen daturik esanguratsuena emakumeen presentziari lotutakoa izan da. Ilusioz jakinarazten dugu Zarauzko Triatloi Elkarteko kideek  700 dortsaletatik 99 izango direla emakumezkoen eramango dituztenak, hau da, iaz baino %58 gehiago. Triatleten jatorriari dagokionez, 279 izango dira parte-hartuko duten euskal herritarrak, 369 estatu mailakoak eta 52 atzerritarrak. Azken hauek Frantzia, Ingalaterra, Suitza, Alemania, Belgika eta Portugaldik etorriko dira.

Pasa den udan hasi genuen hausnarketa prozesuak eta urtez-urte parte-hartzen duten triatletek ematen dizkiguten aipuek, gure leloa berritzera eraman gaitu; “Zarauzko Triatloia, bakarra da”. Bost dira nagusiki Zarauzko Triatloia bakarra egiten duten faktoreak:

  • Giroa:

Zarauzko herriaren inplikazioari eta urtez urte froga hau ikustera gerturatzen diren ikusleei esker, Zarauzko Triatloiaren bereizgarri handienetarikoa da bertako giro euskaldun eta alaia. Frogak herria zeharkatzen du eta herriko plazan amaitzen da, ikusleen berotasuna eta indarra parte-hartzaile guztiengana zabalduz. Kirol froga bat izateaz gain, festa bat ere bada Zarauzko herriarentzat, eta parte-hartzaileek ez dute sekula ahazten bertan ematen zaien babesa.

  • Zirkuitua:

Pasaia paregabe batean, bi herrien arteko itsasoa igerian zeharkatzen duen 2,9 kilometroko itsasaldiak, bizikletaz egin beharreko 81 kilometroko ibilbide malkartsuak eta herria korrika zeharkatzen duen 20 kilometroko lasterketak, Zarauzko Triatloiko zirkuitua bakarra egiten dute. Ohiko distantzietatik at geratzen den froga da Zarauzko Triatloia, edozein kirolariren burua frogan jartzeko moduko erronka.

  • Aitzindaria:

Zarauzko Triatloia 1987. urtean ospatu zen lehenengo aldiz, triatloi txapelketen mundua oraindik garatzeko zegoen garaian. Estatu mailan burutzen den aurrenetariko triatloia da Zarauzkoa, distantzia bereziak ditu eta maila honetan zaharrenetarikoa da. Ezaugarri berezi hauek, 700 triatleta erakarriko dituzte Zarautzera 33.edizio honetan ere.

  • Antolamendu Herrikoia:

Urtez urte lanean diharduten 300 bat boluntariori esker, zirkuitu guztian zehar Zarauzko Triatloiaren segurtasuna, kalitatea eta babesa bermatuak daude. Banakako herritarrez gain, hainbat kirol talde, herri eragile eta triatletek ere laguntzen dute froga antolatzen eta kirolariei beren babesa eskaintzen. Guzti hauen jakintza eta esku-hartzea begi-bistakoa da frogaren kalitatea bermatzen duten hainbat elementutan: alfonbrak froga ezberdinen arteko ibilbidean, seinaletika egokia zirkuitu guztian zehar…

  • Euskalduna:

Laguntzaileak bertakoak izanik, froga guztian zehar euskara da Triatloiko hizkuntza nagusia. Elkartearen aldetik, komunikazioa elebitan egiten bada ere, euskara lehenesten da; kazetariak, taldekideak… Hizkuntza beraz gain, froga osatzen duten hainbat elementuk ere lotura zuzena dute euskal kulturarekin; irabazleei ematen zaien euskal txapela, parte-hartzaile guztiei eskaintzen zaien euskal gastronomian oinarritutako afaria edo frogan zehar entzun daitekeen musika, esaterako.

Guzti honek izaera bakarra eskaintzen dio Zarauzko Triatloiari eta esentzia honen garrantzia aintzakotzat hartuta, Triatloiaren 33.edizioan orain arteko ezaugarri berak mantentzen jarraitu nahi dugu, kirol-gogortasuna eta paisaia zoragarriak zeharkatzeko aukera ematen duen froga izaten jarraituz eta parte-hartzaile kopurua mantenduz.

Izan ere,  frogaren kalitateak lotura zuzena du bere neurriarekin. Parte-hartzaileen kopurua 700 pertsonetara mugatzeak paregabea den ibilbide bat egitea ahalbidetzen digu Getariako hondartzatik hasi eta Zarauzko erdigunera arte. Era berean, ezaugarri hauetako ibilbide bat egitea ezinezkoa litzateke urtez-urte eskuzabaltasun osoz beren laguntza ematen duten 300 boluntarioak gabe. Beraiei esker, triatletek jarraibideak dituzte ibilbide guztian zehar baita hauen laguntza eta animoak ere.

Horregatik, Zarauzko Triatloi Elkartetik, boluntario guztiei, Zarauzko Triatloia zeharkatzen duten herrietako Udalei eta nola ez, gure istorioaren hasieratik babesa eskaini digun Bittor Uyarrari gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

Ikusi albistea El Diario Vascon, Zarauzko Hitzan eta Erlo Telebistan.

ANTOLATZAILEA

ERAKUNDE BABESLEAK

                       

BABESLE NAGUSIAK

BABESLEAK

                                                                          

LAGUNTZAILEAK

                                                 

                                        

Back To Top