skip to Main Content

Aitor Elduaienek urteak daramatza Zarauzko Triatloian speaker lanak egiten. Bere ahotsa ezaguna da parte hartzaileentzat eta publikoko jende askorentzat. Bere lanaren atzean dagoenaren berri eman digu.

Zein da speaker baten zeregina Zarauzko Trialtoia bezalako proba batean? Parte hartzaileak animatu, informazioa eman, publikoa entretenitu…

Dena bat, eta bi aldeetara begira gainera: partaideen aldera eta ikusleen aldera. Partaideek denetik behar dute: informazioa, sosegua, txispa hartzeko animo mezuak, lasaitu eta aldi berean motibatzekoak… Eta jendearen arreta piztuta eduki behar da bestalde, ikusleak animatuta edukitzea langintza polita da, eta batere zaila ez, Zarauzko Triatloiak hori berezkoa baitu.

Nola prestatzen du speaker batek Zarauzko Triatloia? Nolakoa izaten da aurretiazko lana?

Partaide bat bazina bezala barneratu behar duzu informazioa, eta kasik hala piztu baita ere urduritasuna, kezkak, ilusioak… Horretaz gain, dokumentazio lana dago gero, batez ere gehien nabarmendu daitezkeen triatleten ibilbidearen jakinaren gainean egotea: emaitzak, baina baita izan dituzten lesioak, publikatu dituzten komentarioak, argazkiak…

Urduritasunik izaten al duzu aurreko egunetan?

Bezpera polita izaten da, baina piztu, malekoian pizten naiz, box gunera arrimatu eta hesiak prest ikusten ditudanean, triatleten joan-etorria hasten denean.

Ahots kordei dagokienez, nekatzen al dira?

Noski, dena emanda aritzen bait gara, jeje! Halere, eta gauza guztietan bezala, ikasi egiten da ahotsa ondo zaintzen. Areago, esatari lana ez dut lotzen denbora guztian builaka aritzearekin, jakin behar izaten da momentu bakoitzari bere tonua jartzen.

Zenbat lagun aritzen zarete mikrofonoa eskuan proba egunean? Eta nola antolatzen zarete logistika aldetik?

Jon Alegria eta biok aritzen gara mano-mano. Beharren arabera banatzen gara: batek box gunea zaindu, besteak Getariko irteera, Zarauzko hondartzan batu gero, segidan trantsizioak batek, helmugako gunea aktibatu besteak, eta goia helmugan batzen garenean jotzen dugu.

Zarauzko Triatloia bezalako proba luze batean, nola mantentzen da tentsio komunikatiboa?

Fanatiko xamarra izanez. Hau da, triatloia barrutik sentituz eta hori, ilusio eta motibazio hori, jendeari trasmititzeko gogoak gidatuta.

Zein hiru ezaugarri izan behar ditu speaker on batek?

Lokutatzen duzun jarduerari buruzko ezagutza, hizketarako eta hizkuntza jarioa, eta pasioa.

Dagoeneko badira urte batzuk Zarauzko Triatloian lanean hasi zinenetik. Urtez urte, nola bizi izan duzu triatloiaren bilakaera?

Ia lehen edizioetatik bizitu dut era batera edo bestera Zarauzko Triatloia: miresle bezala (Dina Bilbao), zale bezala, triatleta partaide bezala, kazetari bezala eta speaker bezala. Ibilbideetan beti egon dira aldaketak, partaidetzan ere izan dira nazioartera begirako urte potenteak, estatu mailakoak beste batzuetan, baina bilakaeran beti dago esentzia bat: gertuko triatleten parte hartzea, proba hau beti maitatu duten horiena.

Zarauzko Triatloia zerk egiten du berezi?

Herrian nola txertatuta dagoen eta nola bizitzen den, hori da oso berezia. Bertara datorrenak, Kailua-Kona txiki bat dauka hemen!

Bi mezu labur: bat parte hartzaileentzat, eta bestea afizioarentzat.

Den denei: goza dezatela dena emanez!

ANTOLATZAILEA

ERAKUNDE BABESLEAK

                       

BABESLE NAGUSIAK

BABESLEAK

 

                                                                

LAGUNTZAILEAK

                                                 

                                        

Back To Top