Bi babesle berri ditu Zarauzko Triatloiak: Aizpurua Autobusak eta Gesalaga

Zarauzko Triatloiak beste bi babesle berri izango ditu aurten: Aizpurua Autobusak eta Gesalaga, hain zuzen ere. Bi enpresek urteak daramatzate Zarauzko Triatloiarekin elkarlanean, eta 33.edizioan, babesle izatera pasako dira.

Aizpurua Autobusak Usurbilgo familia-enpresa bat da, eta 50 urte baino gehiago daramatza garraio zerbitzuak eskaintzen. Aizpuruak lotura handia izan du betidanik kirolarekin, eta diziplina ezberdinetako jokalariak garraiatzeaz arduratu izan da. Zarauzko Triatloian, haiek izan dute urte askotan parte hartzaileak Zarauztik Getariara eramateko ardura: dortsal banaketako gunetik, igerian hasten diren punturaino. Aizpuruarentzat oso garrantzitsua da Zarauzko Triatloiaren parte izaten jarraitzea, eta, oro har, herri ekimenetik sortzen diren kirol probak babestea.

Gesalaga enpresa, berriz, zarauztarra da, eta duela 40 urte sortu zen. Gesalagatik azaldu dutenez, haien enpresa hazten joan da hamarkadaz hamarkada, Zarauzko Triatloiaren antzeko erritmoan. Duela urte asko hasi ziren triatloiarekin elkarlanean; besteak beste, antolakuntzari proba egunerako funtsezkoak diren furgonetak uzten. Zarauzko probaren sustapenean laguntzeaz gain, Gesalaga beste kirol batzuetako taldeekin ere aritzen da elkarlanean: arrauna, eskubaloia, futbola… Enpresa zarauztarra izanik, Zarauzko ekimen garrantzitsu honen parte izaten jarraitu nahi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.