Cesc Godoy eta Joselyn Brea Zarauzko Triatloiaren XXXI. edizioko txapeldunak

3  Hombres  Selfie
  • Bere aitak antzina egin zuen bezala, katalandarra garaile izan da, Gustavo Rodríguez eta M.A. Fidalgoren aurretik Venezuelatarrak berriz atzetik aurrerakoa egin du, Judith Corachán eta Saleta Castro gaindituz
  • Ohikoa legez, Zarauzko kaleak ikusleez gainezka egon dira, partehartzaile guztiei animoak emateko

Emakumezkoen lasterketa zirrara bizikoa izan da, eta azkenean Joselyn Brea venezolatarrak ezustekoa eman du bere garaipenarekin. Aipatzekoa Helene Alberdi izan dela azkarrena igeriketa saioan, Zarauzko publikoaren beroa eta animoak jasotzen lehena izan delarik. Bere atzetik Judith Corachán, Saleta Castro eta amaieran txapelduna izatera zioana.

Aurretik bizikletako 80 kilometro gogor zeudelarik, Judith Corachanek hortzak estutu eta lasterketa burua hartzea erabaki zuen. Atzetik, Saleta Castrok postu batzuk aurreratu zituen, Helene Alberdi hirugarren postura pasa zen. Bitartean, Joselyn Break burua hotz mantendu zuen, eta bere entrenatzailearen aholkuak jarraituz, indarrak gorde zituen.

3 birako korrikako ibilbidean sartuta, bazirudien garaipena Judith Corachanek lortuko zuela, baina azkenean ez zen horrela izan. Kilometroak pasa ahala, Joselyn Break aurrerantz egin zuen, eta helmugan lehena sartu zen 4:42:02eko denborarekin. Bere atzetik, Judith Corachan bigarrena izan den 4:43:35eko denborarekin, eta hirugarrena Saleta Castro 4:47:17rekin.

Joselyn Brea “pozez gainezka” zegoen bere lehen txapelarekin. Venezolatarrak adierazi zuen bazekiela “lasterketa gogorra joango zela, bere lehiakideak oso sendoak zirela eta gainera hau ez dela bere distantzia, baina ilusioarekin gauza haundiak egin daitezkeela”.

Betetzeke zegoen ametsa. Kirolean bere inspirazioa izan zenari omenaldi ezinhobea. Urteak ziren Cesc Godoyek bere aita Paco Godoyren balentria errepikatu nahi zuela, izan ere honek 3 aldiz  izan zen garaile 90. hamarkadan. Eta gaur izan da eguna.

Katalandarra iaz osta-osta ibili zen bere hirugarren postuarekin, eta gaur magia egin du, Zarauzko helmugako alfonbra zapaltzen lehena izan delarik. Eta nola gainera. Igerilari oso trebea izanik, bere nagusitasuna baliatu du hasieratik lasterketa apurtu eta uretan bigarren izan den Jon Unanue zarauztarrari minutu eta erdiko abantaila ateratzeko.

Abantaila hori ondo kudeatu zuen bizikletako zatian, nahiz eta bere aurkariak gerturatu zitzaizkion kilometroek aurrera egin ahala. Batez ere Gustavo Rodriguez, Zarautzen atzetik aurrera egiten ohitua, eta gaur ere halaxe izan da.

Izan ere, galiziarrak bizikletako zatiko bigarren denborarik onena egin du, eta horrek korrikako saioa bigarren postuan hasteko balio izan dio, Cesc Godoytik 6 minutura. Katalandarrak ondo gainditu ditu Aiako horma gogorrak, Pirineoko mendietan saio bereziak egin ondoren. Bestalde, Pello Osorok hegan egin du bizikletan eta trantsizio-eremura hirugarren postuan sartu da, atzetik Iñaki Pena eta Miguel Angel Fidalgo zituelarik.

Zarauzko kaleetan eta itsas-pasealekutik zehat burutu beharreko korrikako ibilbidean, zalantza zen ea Cesc Godoy gai izango zen Gustavo Rodriguezek atzetik jotzen zituen erasoei eusteko, jakinda galiziarrak korrikako saioan daukan gaitasuna. Baina gaur Cesc Godoyren eguna zen, eta bere garaipenarekin, aitari omenaldia egiteaz gain, estatuko distantzia ertaineko egungo triatleta hoberenen artean kokatu da.

Godoyren denbora helmugan 4:02:28 izan da, Rodriguezena 4:05:12 eta Fidalgorena 4:14:16. “Hunkituta nago erabat. Gogoan dut nire aitak irabazi zuenekoa, nola igo ninduen podiumera txapela jantzita. Orain ni naiz txapelduna” adierazi du helmugan Godoyk, guztiz hunkituta.

Zarauzko Triatloiaren XXXI. edizio hau baldintza paregabe batzuetan jokatu da, euri tantarik gabe eta bero haundiarekin baina ez itogarria izaterainokoa. Egun borobila Zarauzko kaleak eta lasterketako ibilbideak jendez gainezka egoteko, betiko giro aparta sortzeko.

Gizonezkoak – Top 10

1- Cesc Godoy   4h 02’28

2- Gustavo Rodríguez   4h 05’12

3- Miguel Ángel Fidalgo    4h 14’16

4- Iñaki Pena   4h 15’12

5- Gonzalo Fuentes   4h 18’22

6- Pello Osoro   4h 21’53

7- Robert Budai   4h 22’53

8- Jon Unanue   4h 23’16

9- Zorion Kareaga   4h 26’14

10- Haritz Garate    4h 27’45

Emakumezkoak – Top 10

1- Joselyn Brea   4h 42’02

2- Judith Corachán   4h 43’35

3- Saleta Castro    4h 47’17

4- Helene Alberdi    4h 53’26

5- Mercè Tusell   5h 01’52

6- Sonia Pariente   5h 06’31

7- Estefanía Gómez   5h 11’03

8- Ana Revilla   5h 14’29

9- Neus Vidal   5h 15’26

10- Victoria Juanicotena   5h 16’55

Argazkiak: Sergio Nievas / Mikel Taboada / Zarauzko Hitza‏

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.