Debut gogoangarria: Uxío Abuín eta bere garaipen ospetsua

Uxio  Meta  3

“Triatloia: konstantzia, esfortzua eta ahalegina”. Hala dio Uxio Abuinen web orriak, egia borobila. Ametsak bete, erronkak gainditu eta gailurra jotzeko hiru eskakizun dira. Baina horri guztiari askotan norberak duen talentua gehitu behar zaio. Eta gazte galiziar honek soberan du talentua.

Goia jo zuen Uxiok

Lestroveko triatloilari atseginak 28. edizioan bere arrastoa utzi zuen, 2014. urtean. Kiniela guztiak dantzan jarri eta txapela eskuratu zuen, distantzia ertainean egin zuen lehen lasterketan. Berdintasun handiko proba izan zen, Fraser Cartmell eskoziarra eta Joan Ruvireta katalana aurrez aurre zituela.

Froga honetako beste izen kuttuna den Peru Alfaro lagunak hala gomendatuta, distantzia honetako debuta Zarautzen egitea erabaki zuen, 2012an Donostiako triatloian Euskadiko giroa benetan aparta zela bertatik bertara ikusi eta gero.

“Onartu behar dut proba ez nuela sobera prestatu, sprint distantzian eta olinpikoetan buru-lepo nebilelako. Aurreko asteetan txirrinduan entrenu luzeren bat egina nuen, transizioren batekin. Horrekin batera, egun batzuk egin nituen Peruren etxean, zirkuitua ezagutzeko, eta ezustekoa iritsi zen.

Ibilbidea, igeriketa luzearekin eta bi gurpileko zirkuitu malkartsuarekin, galiziarraren beharretara egokitzen zen. Bere alde zuen, gainera, distantzia honetan eskarmenturik ez izateak, horrez aurrez presioa kentzen baitzion. “Gogoan dut sare sozialetan egurra eman zidatela Zarautzera ohiko txirrinduarekin joateagatik, ‘ahuntzik’ gabe”, dio irrifarre batekin.

Erretiratzetik zerura

2014ko lasterketa azken urteetako berdinduena izan zen, saltsan egon zitezkeen kirolarien zerrenda zabala baitzen. Zalantza barik, Zarauzko igeriketaren luzeera beste lekuetan baino erabakigarriagoa izan ohi da, eta batzuetan baita olatuengatik ere.

“Uretatik Pedro Miguel Reigi aurrea hartuta irtetea lortu nuen eta minutu horri eskerrak ia lehen bira osoa lider egin nuen” gogoratzen du Uxiok. Ibilbideko jaitsieretan eta ordekan sufritu egin zuen, baina azken igoeretan aldea berreskuratu zuen. Beraz, korrikan bi minutu pasako atzerapenarekin hasi zen.

“Seigarren kilometroan edo, lasterketako burura iristen ari nintzenean, esfortzuaren ordainak etorri zitzaizkidan eta giharretako minarekin hasi nintzen. Ezin nuen ibili”. Uxiok dena bertan behera uztea pentsatu zuen, baina une erabakigarrian Peru laguna agertu zen. “Ez zara etorri erretiratzeko” esan zion.

Urratsez urrats, sentsazio onak berreskuratzen hasi zen. Edan egin zuen, gel pare bat hartu zuen eta zangoek ohikoa abiada hartu zuten berriro. “Lau kilometro faltan berriro buruan nintzen. Txapela nerea zela banekien honezkero”.

Helmuga jendez gainezka zegoen, leku gutxitan bezalako giroarekin, eta hori guztia buruan du oraindik ere Uxiok. Giroak ia ezusteko galanta eman zion. “Hain lasai nengoen garaipenaz gozatzen, Fraser Cartmellek ia harrapatu ninduela”. Amaiera garaipenaren parekoa izan zen, zoragarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.