Eneko Llanos eta Ainhoa Murua txapelak berreskuratzen saiatuko dira Zarauzko XXX. Triatloian

  • Distantzia ertaineko espezialista onenek eta egun munduko rankinean bigarrena den Fernando Alarzaren mailako olinpiarrek osatzen dute azken urteetako faborito-zerrendarik onena duen lehiaketa
  • Emakumezkoetan aipatzekoak dira Line Thams Danimarkako txapelduna, Sara Loher, Dolça Olle, Anna Noguera eta Judith Corachán
  • Bi txapeldunek Estatuan distantzia ertainean dagoen saririk handiena eskuratuko dute, 5.000 eurokoa

 

Zarautzen, 2016ko ekainaren 9an. Zarauzko Triatloiaren hogeita hamargarren edizioak azken urteetako faborito zerrendarik onena izango du profesionalen mailan, nazioarteko kirolari bikainez, eta Euskadiko edo Estatuko espezialista onenez osatua.

 

Gizonezkoen mailan, 11 txapela izango dira guztira Getariako irteeran, Eneko Llanosenak gehienak, 10, eta bestea egungo txapeldunarena, alegia Gustavo Rodríguezena. Gainera, azken orduan Fernando Alarzak eman du izena, Rio 2016ra Espainiar selekzioak eramango dituen hiru gizonetako bat, gaur egun ITUren munduko rankinean bigarren postuan dagoena. Honek berebiziko jakin-mina emango dio lehiaketari, beste hainbat espezialista ere Zarautzen izango baitira, hala nola 2010ean distantzia luzean munduko txapelduna izan zen Sylvain Sudrie frantziarra, iazko txapeldunordea Stanislav Krylov errusiarra, Paulo Roberto Maciel brasildar gaztea, Francesc Godoy distantzia olinpikoko espezialista, Bruno Pais portugaldarra, edota Munduko Xterra Txapelduna, Ruben Ruzafa, besteak beste.

 

Euskadiko txapelketa irabazteko aukerak dituztenen artean Peru Alfaro, Aimar Agirresarobe edota Jon Unanue nabarmentzen dira.

 

Antolatzailearentzat, Zarauzko Triatloi Elkartearentzat, aparteko albiste pozgarria izan da Ainhoa Muruak etxean lehiatzea erabaki izana, Rio 2016rako prestaketetan buru-lepo dabilen garai honetan. Zarauztarra faborito nagusia da, jadanik hiru txapel irabazia baita, 2005, 2006 eta 2009 urteetan. Aurrez-aurre izango du Line Thams daniarra, ITUko lehen mailako lehiakidea eta berriki sprint distantzian Danimarkako txapela irabazitakoa. Sara Loher, Dolça Olle, Anna Noguera edo Judith Corachanek osatzen dute emakumezkoen faborito-zerrenda.

 

Goizean lehiaketa aurkezteko prentsaurrea egin da Zarauzko Udaletxean eta, bertan, Patricia Damianek, Zarauzko Triatloi Elkarteko Presidenteak, lehiaketaren maila aparta azpimarratu du, “benetan pozgarria da guretzat beste urte batez herrira espezialista onenak erakartzea, disntantzia luzean munduko txapeldunak ezezik, Espainiako txapeldunak eta Rio 2016ko Joko Olinpikoak prestatzen ari diren kirolari onenak

gure kaleetan ikusteko aukera izango baita”.  

 

 

650 parte hartzaile eta itxaron zerrenda luzea

 

Lehiaketa ospetsu honetan 650 kirolarik esku hartuko dute. Aipatzekoa da izen emate guztiak bi minututan amaitu zirela eta 500dik gora triatloilari daudela itxaron-zerrendan. Igeriketa saioak Getaria eta Zarautz arteko ibilbidea izango du, 2,9 kilometrokoa, eta boxeak malekoian ezarriko dira, iaz bezala Zarauzko Turismo Bulegoaren aurrean dagoen esparruan. Txirrinduko 82 kilometroek eta korrikako 20 kilometroek osatuko dute proba. Ohikoa den bezala, milaka ikusle izango ditu bide bazterretan, bai Zarauzko kaleetan nola ibilbideko punturik ezagunenetakoak diren Txurruka eta Aiako ‘pareta’ ezagunetan ere.

 

 

Karpa handia Munoa plazan eta lehen sari oso bereziak

 

Hogeita hamargarren edizioak dakarren berrikuntzetako bat Munoako plazan ezarri den karpa erraldoia izango da. Bertan jarriko da babesle diren etxeen expo-gunea, eta han bertan egingo da larunbat gauean triatloilari guztiak biltzen dituen ohiko afaria ere.

 

Lehiaketak banatuko duen diru-saria da beste berrikuntza nabarmena. Hiru hamarkada joan direla ospatzeko, bi txapeldunek, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, Estatu osoan distantzia ertaineko lehiaketa batek emango duen saririk handiena jasoko dute, 5.000 euroko txeke bana, alegia.

 

Era honetako distantzian triatloi helduena eta ezagunena dena antolatzeko, Zarauzko Triatloi Elkarteak 300 boluntarioren lankidetza izango du. Guztiei esker ona adierazi nahi die.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.