Gustavo Rodriguez eta Gurutze Frades izan dira #ZTri2015-ko garaile

Gustavo Rodriguez galiziarrak sasoi ezin hobean dagoela erakutsi du eta lehen postua eskuratu du, oraindik orain Bilbon eta Iruñean egin duen bezalaxe.

             Pódium Masculino       Pódium Femenino

Bere ondoren iritsi dira Stanislav Krylov errusiarra eta Victor del Corral, lasterketa estuan. Emakumezkoetan postu asko berreskuratu ondoren, Gurutze Frades Sara Loehr eta Judith Corachan kataluniarrei gailendu zaie. Beste behin oinezko lasterketa erabakiorra izan da. Peru Alfaro eta Gurutze Frades dira distantzia ertainean Euskadiko txapeldun berriak.

BH Zarauzko Triatloiaren XXIX. edizioa kirol honen festa handia izan da beste behin eta argi utzi du triatloilari guztiek lehiaketa honetara zergatik etorri nahi duten. Ia olaturik gabe eta uraren tenperatura onarekin, 675 triatletek Getaria eta Zarautz arteko zeharkaldia inolako gertakizunik gabe osatu ahal izan dute. Peru Alfaro eta Helene Alberdi euskaldunak izan dira boxeetara iritsi eta bigarren segmentua hasten lehenak.

Marea goian zegoenez eta ur-ertzak ia malekoia jotzen zuenez, metro luzeak egin zaizkie Victor del Corral, Gustavo Rodriguez edo Gurutze Frades bezalako faboritoei, uretatik minutu batzuk galduta atera baitira.

Txirrinduan euria protagonista

Txirrinduko ibilbidean zaparrada gogorrak bota ditu eta parte-hartzaileek nola ikusleek tentsio uneak ikusi eta bizi izan dituzte. Aipatzekoa da, eguraldia traketsa izan arren ere, bide bazterretan ikusle piloa zegoela, eta zorionez ez dela istripu aipagarririk gertatu.

Frantzian bizi den Stanislav Krylov errusiarra izan da txirrindu gainean azkarrena, nahiz eta Gustavo Rodriguez apurka-apurka distantzia laburtzen joan zaion, segmentuan denborarik onena eginez. Podiumean izateko lehian, Peru Alfarok eutsi egin dio Victor del Corrali igerian atera dion abantailari.

Emakumezkoetan Judith Corachanek eta Gurute Fradesek argi erakutsi dute zergatik ziren faboritoetako bi. Bien bitartean, Marina Damlaimcourt indarra galtzen joan da, batik bat errepidearen baldintza arrikutsuengatik, eta bostgarren posturaino amildu da. Bizkaitarra izan da boxeetan sartzen lehena, atzetik Judith Corachanek, Dolça Ollék eta Sara Loehrek osatutako hirukoa zuela.

Ikusleek ez dute oinezko ibilbidea galdu

Azken segmentu honetan euria gogotik egin duen arren, ikusleek berotasun handiarekin erantzun diote lehian ziren triatloilari profesional eta herrikoiei.

Gustavo Rodríguez bakarka joan da txapelaren bila. Victor del Corralek, INVERSE etxeko enbaxadoreak, argi erakutsi du zergatik duen oinezko lasterketako errekorra. Stanislav Krylovek ozta-ozta lortu du bigarren postuari eustea. Del Corralengandik oso gertu izan da Peru Alfaro, metro gutxira izan baita amaierara arte. Hiru hauen atzetik top 10a osatzen Stefan Schmid alemaniarra, Fraser Cartmell eskoziarra, Jose Estrangeiro portugaldarra, Jon Unanue zarauztarra, Diego Paredes eta Marcel Zamora iritsi dira.

Nesketan Gurutze eta Sararen arteko lehia azken itzulira arte mantendu da. BH etxeko ordezkariak 22 minutu eskas atera dizkio iaz helmugan laugarren izan zen Sara Loehri. Judith Corachan izan da podiumean hirugarrena, Marina Damlaimcourti ateratzen zion abantaila ongi kudeatu ondoren. Azken hau laugarren izan da, Dolça Ollé gainditu ostean. Eva Ledesma, Anna Noguera, Ibone Sanchez, Ioana Osa eta Arrate Mintegui izan dira ohorezko hamar postuetan.

Festa amaitzeko triatloilariaren afarian kirolari profesionalek eta herrikoiek mahaia eta gertakizunak partekatu dituzte, Ztri-ko 250 boluntarioekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.