Egunotan, Euskal Herriko Itzulian buru-belarri ari da lanean Haimar Zubeldia. Mila zereginen artean, iluntzean tartetxoa egin digu, eta hoteletik telefonoz erantzun dizkigu galderak.
Txirrindulari profesional modura ibilbide bikaina izan ostean, nolatan erabaki duzu lehen triatloia egitea?
Txirrindularitza utzitakoan hainbat gauza egiteko gogoa nuen; aspalditik, horietako bat triatloia izan da. Bestalde, urte asko daramatzat Zarautzen bizitzen, eta askotan gertutik bizi izan dut proba ikusle modura, parte hartzeko gogo handiarekin.
Hau al da zure lehen triatloia?
Bai, Zarauzkoa izango da nire bizitzako lehen triatloia. Aurretik besteren bat egiteko asmoa nuen, sentsazioak etab. probatzeko, baina agenda kontuengatik, ezin izango dut.
Txirrindularitzatik triatloirako jauzia ematean, zer ari da izaten zailena?
Igeriketa. Txirrindulariok gorputzaren goialdeko giharrak ez ditugu oso landuak izaten. Beraz, igeriketako teknika hobetzen saiatu naiz, eraginkorragoa izaten saiatzeko. Korrika egitera, berriz, ohituagoa nago; lehen ere negu parteko entrenamenduetan korrika dezente egindakoa naiz.
Triatloia prestatzen ari zarenetik, gorputzean aldaketarik atzeman al duzu?
Beno, zertxobait bai; lehen esan bezala, gorputzaren goialdeko giharrak indartu zaizkit. Neguan eskian ere asko ibili naiz, eta horrek ere izango zuen bere eragina.
Zer aholku emango zenieke egunen batean Zarauzko Triatloia egin nahi duten txirrindulariei?
Egokitzapen prozesua beharrezkoa da, eta pazientzia handia. Zarauzko Triatloiko distantziak ez dira motzak, eta ordu asko pasa behar dira entrenatzen. Korrika egiteko hankak lantzeko esango nieke, eta batez ere, igerian saiatzeko; txirrindulari batek, ziurrenik, igeriketan izango du hobekuntzarako tarterik handiena.
Bi hilabete baino gutxiago falta dira Zarauzko Triatloirako. Puntu onean al zaude? Zer sentsazio dituzu?
Eskiekin lesio txiki bat izan nuen: bihurritua orkatilean eta belaunean. Horren ondorioz, geldirik egon behar izan dut pixkatean. Dena den, lesioa hasieran uste baino arinagoa izan da, eta gauzak hobera egiten ari dira. Datorren astean mendiko bizikletako lasterketa batzuk ditut, eta horiek ere lagungarri izango zaizkit Zarauzko Triatloiari begira. Uste dut ondo puntu onean iritsiko naizela probara.
Dena den, Zarauzko Triatloia erronka pertsonala da niretzat, eta esperientzia hori bizitzeko eta gozatzeko gogoa dut, marka konkretu batekin nire buruari presioa jarri aurretik.
Beraz, ez duzu markarik buruan?
Nire kalkuluak egin ditut, baina ez naiz ausartzen denbora konkretu bat ematera. Hasiera batean, proba bukatzea da nire asmoa. Hori da nire helburu nagusia, proba egunean izaten den giroaz gozatzearekin batera.
Bizikletako material teknikoa ondo aukeratzeak garrantzi berezia duela esan zigun Judith Corachanek lehengo astean. Horretaz asko dakizu zuk.
Beno, bai, niretzat erraza da materialaren aukeraketa hori. Gainera, urteak daramatzat errepide horietan entrenamendu saioak egiten, eta ondo ezagutzen dut ingurua.
Erlojupeko bizikleta erabiliko dut. Garapenari dagokionez, 54ko platoa eramango dut 11ko pinioi txikienarekin.
Baduzu aholkuren bat bizikletako sektorerako?
Beno, esan bezala, behin ere ez dut triatloirik egin. Baina itsasotik ateratzean, trantsizioa egin eta bizikleta gaineko lehen kilometroak lasai egiteko gomendioa jaso dut, sentsazioak bilatu eta erritmoa hartzeko.
Zarauzko Triatloi askotan izan zara, publiko modura. Zerbaitek piztu izan al dizu arreta?
Zarauzko alde zaharrean sortzen den giroak harritu izan nau; pasio momentu ederrak sortzen dira parte hartzaileen eta ikusleen artean, Frantziako Tourrean mendiko etapetan bezala.