Judith Corachan: “Bizikletaren sektorea erabakiorra da Zarauzko Triatloian”

Triatlon Zarauz

Zarauzko Triatloiaren aurtengo ediziorako ia bi hilabete falta direla, Judith Corachan elkarrizketatu dugu, emakumeen kategoriako iazko irabazlea.

Iazko denboraldi bikainaren ondoren, zer moduz doa aurtengoa?

Emaitza aldetik, oso ondo. Dubaiko 70.3 proba bakarrik egin dut oraingoz, eta laugarren postu garrantzitsua lortu nuen: horri esker, mundialerako txartela lortu dut. Oso gustura.

2018ko uztailan zure ibilbideko momenturik onenean zeundela adierazi zenuen. Momentu honetan, puntu onean al zaude?

Egia esan, hobetzen ari naizela sentitzen dut, egunez egun gero eta indartsuago nago. Aurten Ivan Muñozekin entrenatzen hasi naiz, eta motibazio eta energia gehiago izaten laguntzen ari zait; batez ere, entrenamendu saioetan korrika egiten atzeman dut hobekuntza handiena. Ea lasterketetan ere hala den.

Zarauzko Triatloirako bi hilabete eskas falta dira. Zer sentsazio dituzu?

Niretzat urteko zita garrantzitsuenetakoa da, eta ondo prestatuta joatea gustatzen zait 100%a ematen saiatzeko. Baina oraindik urruti samar ikusten dut, karrera dezente ditut aurretik. Hobeto, urduritasuna uxatzeko… kar kar kar

Zer aholku emango zenieke Zarauzko Triatloia prestatzen ari direnei?

Aldapa gogorretan entrenatzeko esango nieke, eta batez ere, bizikletarako material teknikoa ondo aukeratzeko.

Exijentzia teknikoei eta fisikoei dagokionez, zer nabarmenduko zenuke Zarauzko Triatloitik?

Bizikleta sektorea gogorra da oso, erabakiorra da. Bizikletako ibilbideko azken zatia oso gogorra da, eta ondo iritsi behar da zati horretara; bestela, oso garesti ordain daiteke. Igeriketako zatiari ere arreta berezia jarri behar zaio, sektore luzea eta zaila delako.

Iaz Zarauzko Triatloia irabazi zenuen. Oroitzapen ederrak izango dituzu…

Oso hunkigarria izan zen. Lortu nuen, halako batean, proba irabaztea. Nire ilusioetako bat zen. Nire familiakoak ondoan izan nituen, eta ikaragarri gozatu nuen garaipena haiekin batera.

Zer sektoretan irabazten edo galtzen da Zarauzko Triatloia?

Denetan. Bizikleta oso grarrantzitsua da, baina korrika eta igeriketa ere bai. Sentsazio hori izan dut aurreko urtetan.

Mezuren bat ba al duzu afizioarentzat?

Esker oneko hitzak besterik ez ditut! Ez da inon afizio eta giro hoberik. Dudarik gabe, horrek bereizten du Zarauzko Triatloia beste probetatik. Urte batzuetan, negar ere egin izan dut lasterketan zehar… Eskerrik asko!

Zerk egiten du Zarauzko Triatloia berezi?

Esan bezala, lekua eta afizioa dira niretzat bereizgarri nagusiak. Edozein triatletarentzat oparia da Zarautzen parte hartzea.

Aurtengo edizioan 100 emakumek parte hartuko dute.

Ilusio ikaragarria egiten dit horrek. Asko pozten naiz gero eta gehiago garela ikusita. Emakume bezala, harro sentiarazten nau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.