Larunbat honetan jokatuko da Zarauzko Triatloiaren 33. edizioa

ZarauzkoTriatloia2019 003

Larunbat honetan, ekainak 8, Zarauzko Triatloiaren 33. edizioa egingo da arratsaldeko hiruretatik aurrera. Gaur goizean, antolakuntzak prentsaurrekoa egin du Zarauzko malekoian, aurtengo probaren inguruko xehetasunak emateko. Agerraldian izan dira Gorka Silvan (Zarauzko Triatloi Elkarteko presidentea), Eneko Llanos (Zarauzko Triatloia 11 aldiz irabazi duen parte hartzailea), Helene Alberdi (iazko edizioan 2.postuan sailkatu zen parte hartzailea) eta Xabier Txurruka (Zarauzko Alkatea).

Zarauzko Triatloiaren lelo berria: Bakarra da
Aurtengo edizioan lelo berria izango du Zarauzko Triatloiak: Bakarra da. Gorka Silvanek adierazi duenez, “Zarauzko Triatloian parte hartzen duten askoren ahotan entzun izan dugu Zarauzko Triatloia bakarra dela, bizitzan behin gutxienez egin beharreko froga bat.” Bere esanetan, bost dira Zarauzko Triatloiaren bereizgarri nagusiak:

  • Giroa: Zarauzko herritarrei eta triatloiaz gozatzera hurbiltzen diren ikusleei esker, giro ikaragarria izaten da herrian, alaia eta euskalduna. Kirol frogaz gain, festa bat ere bada Zarauzko Triatloia.
  • Zirkuitua: 2,9 km igerian, 81km bizikletaz eta 20km korrika. Triatloiaren ibilbideak paisaia eta txoko zoragarriak zeharkatzen ditu. Aurten, gainera, bizikleta sektorerako kostaldeko errepidea berreskuratu da, eta parte hartzailek handik egingo dute Zumaiatik Zarautza itzulia.
  • Aitzindaria: 1987an egin zen lehenengo Zarauzko Triatloia. Estatu mailan antolatutako lehenetarikoa da.
  • Herrikoia: 300 taldeko boluntario taldeari esker, Zarauzko Triatloia kalitate goreneko kirol froga da ikusle zein parte hartzaileentzat.
  • Euskalduna: Euskara da Zarauzko Triatloiaren hizkuntza nagusia. Antolatzaileen artean euskara da nagusi, eta komunikazioa elebitan egiten bada ere, euskararen erabilera lehenesten da.

Punta-puntako triatletez gozatzeko aukera
Aurten ere, triatleta profesionalen presentzia bermatzeko lan egin du antolakuntzak, Zarauzko Triatloiak maila goreneko proba izaten segi dezan. Hori posible izateko, izen emate prozesuan moldaketak egin ziren. Dena den, izen handiez gain, triatloiak edonori eskaintzen dio parte hartzeko aukera, eta hori horrela izan dadin, 700 dortsaletatik 600 zozketa bidez erabakitzen dira. Aurtengo edizioko zozketan 376 zenbakia izan zen saritua, eta hortik aurrerako 599 zenbakiek Zarauzko Triatloian izena emateko aukera eskuratu zuten.

Zarauzko Triatloiaren 2019ko edizioan profesionalek eta maila altuko triatletek parte hartuko dute. Hauek dira izen esanguratsuenak:

  • Emakumezkoak: Judith Corachán, Helene, Alberdi, Anna Noguera, Dolca Ollé, Ruth Brito, Emma Bilham, Camille Deligny
  • Gizonezkoak: Gustavo Rodríguez, Eneko Llanos, Francesc Godoy, Joan Ruvireta, Cristóbal Dios, Nan Oliveras, Timothy Can Houtem, Julen D Díez, Ander Okamika, Amaury Dehez, Adriá Muñoz, Pello Osoro, Aimar Agirresarobe

90 emakumezko aurtengo edizioan
Iazko udazkenean 2.800 lagunek egin zuten Zarauzko Triatloian parte hartzeko aurretiazko izen-ematea, aurreko edizioan baino %40 gehiago. Datu hori esanguratsua da, argi erakusten duelako Estatu osoko parte hartzaileentzat Zarauzko Triatloiak dituen prestigioa eta garrantzia.

Parte hartzaileen datuei dagokionez, 33. edizioan inoiz baino emakumezko gehiago izango dira: 90 emakumek egingo dute aurten Zarauzko Triatloia, eta iaz 58 izan ziren. “Datu horren igoerak garrantzia berezia du guretzat, ilusio handia egiten digu gure triatloian gero eta emakume gehiago ikusteak. Kopuruaz gain, azpimarratzekoa da haien maila ere, urtez urte nabarmen hobetzen doalako”, adierazi du Silvanek.

Sariak
Zarauzko Triatloiaren 33. edizioan ondorengo sariak banatuko dira (kopuru berdinak gizon eta emakumeentzat):

  • 1.postua: 5.000 euro
  • 2. postua: 2.000 euro
  • 3. postua: 1.000 euro
  • 4. postua: 500 euro
  • 5. postua: 300 euro

Jarduera osagarriak: azoka, profesionalen solasaldia, Triatleten afaria eta Triatloi txikia
Zarauzko Triatloia larunbat arratsaldean jokatuko den arren, ostiral arratsaldetik aurrera mugimendua atzemango da herrian. Ostiral arratsaldean bertan, Zinema Pilotalekuan zabalik egongo da triatloian espezializatuak dauden marken azoka, 17:00 – 20:00 artean. Larunbat goizean ere bai; arratsaldean, azoka Lege Zaharren Enparantzara mugituko dute, helmuga ingurura.

Ostiral arratsaldean, triatleta profesionalen arteko solasaldiaz gozatzeko aukera izango da Antoniano Ikastetxean 20:30ean.

Larunbat iluntzean, urtero bezala, Triatleten afaria ospatuko dute Zinema Pilotalekuan 21:30ean hasita, eguna festa giroan bukatzeko.

Iganderako, antolakuntzak Triatloi Txikiaren beste edizio bat antolatu du. Gaztetxoen proba 11:00etan hasiko da, eta parte hartu nahi dutenek momentuan eman beharko dute izena. Distantziak:

  • Benjaminak: 100 metro igerian, 800 metro bizikletaz eta 300 metro korrika.
  • Alebinak: 150 metro igerian, 1.600 bizikletaz eta 500 metro korrika.
  • Infantilak-kadeteak:  250 igerian, 2.400 bizikletaz eta 700 metro korrika.

Zarauzko Triatloiaz gozatzeko gonbita
Gorka Silvanek Zarauzko Triatloiaz gozatzera hurbiltzeko gonbita egin die Euskal Herriko zale guztiei. Bere hitzetan, “goizetik hasita giro bikaina izaten da herrian, eta triatloia oso era berezian bizitzen da Zarautzen”. Zarauzko Triatloia kirol froga bat baino askoz ere  gehiago dela nabarmendu du, ikusle eta parte hartzaileentzat ahaztezina izan ohi den esperientzia.

Hurbiltzekotan, garraio publikoa erabiltzeko gonbita ere egin die Silvanek, frogan zehar herri inguruan trafiko mozketak izaten direlako, eta uda garaia izanik, Zarautzen auto asko pilatzen delako.

Prentsaurrekoa bukatzeko, Silvanek eskerrak eman dizkie Zarauzko Triatloia posible egiten duten boluntarioei, babesleei eta kolaboratzaile guztiei: “Zarauzko herriari eta herritarrei ere bai, urtez urte Zarauzko Triatloiarekiko erakusten duten jarrera apartagatik eta proba berezi egiten laguntzeagatik”, gehitu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.