NAN OLIVERAS ETA JUDITH CORACHÁN GARAILE ZARAUZKO TRIATLOIAREN 33. EDIZIOAN

Corachan

Gaur, ekainak 8, Zarauzko Triatloiaren 33. edizioa jokatu da. Getariako Malkorbe hondartzan eman zaio hasiera frogari: emakumezkoak arratsaldeko hiruretan irten dira, eta hamar minutura, 15:10ean, gizonezkoen txanda izan da. Denera, 702 parte hartzaile abiatu dira Zarautz aldera igerian.

Nan Oliveras eta Judith Corachán garaile

Gizonezkoetan Nan Oliveras-ek irabazi du triatloia, Lege Zaharren Enparantzan kokatutako helmuga 3:53:32 denbora lortuta zeharkatu ostean. Bigarren sailkatua Eneko Llanos izan da (3:54:14) eta hirugarren Ander Okamika (3:56:15).

Emakumezkoetan Judith Corachán izan da garaile, froga 4:22:10 denborarekin bukatu ostean. Bigarren Emma Bilham izan da (4:24:10) eta hirugarren Anna Noguera (4:25:42).

Nan Oliveras oso pozoik eta hunkituta agertu da helmugan. “Ikaragarria izan da. Hiru sektoreetan fin ibili naiz, eta bizikletan tarteari eusteko aukera izan dut”. Zarauzko Triatloiaren aurtengo irabazleak eskerrak eman dizkio Zarauzko Triatloiko publikoari. “Sekulakoa izan da, parte hartu dudan triatloi guztietatik hau da publikoan jende gehien ikusi dudan aldia”.

Judith Corachán “gustura eta harrituta” agertu da triatloia amaitu bezain pronto. Hasiera batean, bere aurtengo helburua Zarauzko Triatloiaz gozatzea zen, eta nabarmendu duenez, bizikletan izandako erorikoaren ondoren publikoaren babesak eman dio aurrera jarraitzeko indarra: “Hemen jendeak asko maite nau, Zarautza iristen naizen momentutik babes handia jasotzen dut; horregatik bakarrik, borrokan jarraitu behar nuela sentitu dut, edo behintzat, erorikoaren ondoren triatloia amaitzen saiatu. Azkenean, erorikoak hondoratu beharrean indarra eman dit, eta barruan sentitu dudan amorruari eta publikoaren indarri esker garaipena lortu dut”.

702 parte hartzaile irteeran

Iazko udazkenean 2.800 lagunek egin zuten Zarauzko Triatloian parte hartzeko aurretiazko izen-ematea, aurreko edizioan baino %40 gehiago. Datu hori esanguratsua da, argi erakusten duelako Estatu osoko parte hartzaileentzat Zarauzko Triatloiak dituen prestigioa eta garrantzia. Parte hartzaileen datuei dagokionez, 33. edizioan inoiz baino emakumezko gehiago izango dira: 90 izan dira irteeran, eta iaz 58.

Denera, 702 parte hartzaile izan ditu aurtengo edizioak.

40.000 ikusle eta 400 boluntario

Eguraldia lagun izan arren, itsasoa nahikoa nahastuta topatu dute parte hartzaileek, eta igeriketako sektorea gogorra izan da. Bizikleta gainean eta korrika lehiatzeko eguraldi aproposa izan dute triatletek, eta orokorrean, baldintza meteorologiko onetan egin da froga.

Egun guztian zehar giro ederra izan da Zarautzen, eta triatloiak jendetza bildu du herrian. Antolakuntzak emandako datuen arabera, denera 40.000 ikusle inguru juntatu dira zirkuituko puntu ezberdinetan. Urtero bezala, hondartza inguruan eta frogaren azken metroetan bildu da jende gehien, eta parte hartzaileek ikusleen animo oihu eta garrasien artean zeharkatu dute helmuga.

Gorka Silvan, Zarauzko Triatloi Elkarteko presidentea, pozik agertu da triatloiaren amaieran. Bere esanetan, “oso balorazio positiboa egiten dugu. Eguraldiak errespetatu gaitu, eta itsasoan baldintza zailak izan arren, denborak onak izan dira. Jendeari dagokionez, aurten ere, ikaragarria izan da Zarautza etorri den jende kopurua, euren jarrera eta parte-hartzaileei eman dieten indarra.” Horrez gain, bereziki eskertu du Zarauzko Triatloia gauzatzea posible egin duten 400 boluntarioen lana eta triatloia babestu duten babesleen eta kolaboratzaileen laguntza.

Silvanen iritziz, aurten estreinatu berri duten leloak (Bakarra da) ondo definitu du Zarauzko Triatloian bizitakoa: parte hartzaileek eta ikusleek ingurune natural ederraz gozatzeko aukera izan dute, paregabea den zirkuitu batean, eta egun guztian zehar giro bikaina izan da herrian.

Zarauzko triatloi txikia

Zarauzko Triatloia gaur amaitu den arren, bihar ere izango da zer gozatua: Triatloi Txikia, hain zuzen ere. Gaztetxoen proba 11:00etan hasiko da Zarauzko Daman, eta parte hartu nahi dutenek momentuan eman beharko dute izena. Distantziak:

  • Benjaminak: 100 metro igerian, 800 metro bizikletaz eta 300 metro korrika.
  • Alebinak: 150 metro igerian, 1.600 bizikletaz eta 500 metro korrika.
  • Infantilak-kadeteak:  250 igerian, 2.400 bizikletaz eta 700 metro korrika.

Sailkapen orokorra webgunean

Zarauzko Triatloiko antolakuntzak zarauzkotriatloia.com webgunean argitaratuko ditu denbora ofizialak eta sailkapen orokorra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.