Prentsaurrekoa

Víctor del Corral-Marcel Zamora, XXIX. BH Zarauzko Triatloiaren norgehiagoka

  • Estatuan distantzia ertain eta luzean espezialista onenetako bi dira eta oso sasoi onean datoz
  • Emakumezkoetan Marina Damlaimcourt olinpikoa izango da faborito nagusia
  • Lehiaketa datorren larunbatean, ekainaren 13an egingo da, 14:00etatik aurrera

Zarautzen, 2015eko ekainaren 11n. ‘BH Zarauzko Triatloia’-ren hogeita bederatzigarren edizioak oso lehia estua izango du profesionalen mailan, hasieran izango baitira nazioartean ospe handia duten hainbat kirolari. Gizonezkoetan, distantzia ertain eta luzean puri-purian dauden bi triatloilari dira faborito nagusiak, Victor del Corral eta Marcel Zamora. Biak sasoi onean datoz Zarautzera eta proba ospetsu honetan irabaztea zer den ezagutzeko gogoa dute.

Hainbat Ironman irabazi dituzten bi gizonez gain, aintzat izan behar dira nazioarteko beste hainbat triatloilari ere, hala nola Fraser Cartmell (iaz bigarren sailkatua) , Gustavo Rodriguez (berriki Bilboko Triatloia irabazi du) edo Roger Serrano, Ztri-n dena emateko prest izaten dena. Jon Unanue Zarauztarrak ere ohorezko postuetan izateko ahalegina egingo du.

Emakumezkoen mailan, aldez aurretik Marina Damlaimcourt olinpikoa da faborito nagusia, eta distantzia honetan espezialista diren Gurutze Frades edota Eva Ledesma, Judith Corachan edo Dolça Ollé kataluniarrekin neurtuko ditu indarrak.

 

 

Proba aurkezteko goizean Zarauzko Udaletxean egin den prentsa aurreko agerraldian, Victor del Corralek adierazi du “hirugarren sektoreko errekorra egin nuenean, hemen parte hartu dudan urte bakarrean, duatloitik netorren. Orain hobea naiz igeri egiten, baina korrika kalitatea galdu egin dut. Txirrindua oso zaila da eta giltzarrietako bat izan liteke, baina Ztri irabazteko korrika asko egin behar da”

Inaxio Alguacilek, antolatzailea den Zarauzko Triatloi Elkarteko Presidenteak, boluntarioen lana goretsi du, “250 lagun baino gehiago, guztiei eta herriari esker mila, dena ematen baitute, probarekin konprometitzen dira, eta hori da honen gakoetako bat”.

Jon Unanue triatloilariak, azkenik, esan duenez “ongi nago eta podiuma egiten saiatuko naiz. Uretatik aurrean aterako naiz eta hortik aurrera atzera begiratu gabe helmugaraino! Hainbestetan parte hartu ondoren, beste urrats bat egiteko gogoz naiz”.

 

650 partaidetik gora eta itxaron-zerrenda luzea

Lehiaketa ospetsu honetan 650 kirolari baino gehiagok esku hartuko dute. Aipatzekoa da izen emate guztiak minutu gutxitan amaitu zirela eta ehundik gora triatloilari daudela itxaron-zerrendan.

Igeriketa saioak Getaria eta Zarautz arteko ibilbidea izango du, 2,9 kilometrokoa, eta boxeak malekoian ezarriko dira, iaz bezala Zarauzko Turismo Bulegoaren aurrean dagoen esparruan. Txirrinduko 82 kilometroek eta korrikako 20 kilometroek osatuko dute proba. Ohikoa den bezala, milaka ikusle izango ditu bide bazterretan, bai Zarauzko kaleetan nola ibilbideko punturik ezagunenetakoak diren Txurruka eta Aiako ‘pareta’ ezagunetan ere.

 

Oinezko ibilbidea desertuko ‘tauletara’ itzuliko da

Beste behin, antolatzaileek eta babesleek partaideei behar duten guztia eskaintzeko ahalegina egingo dute. Triatloilari guztiek opariz betetako poltsa jasoko dute eta ibilbidea amaitzean Inverse Kataluniako etxeak eginiko FINISHER kamiseta jasoko dute. Gainera, BH txirrinduek, probako babesle nagusiak, bai eta 2XU neopreno australiarrek ere, beren produktuak erabiltzen dituzten partaideei opari bereziak emango dizkiete.

Oinezko lasterketak 20 km inguruko luzera izango du eta aurten, berriro, Zarauzko biotopoa zeharkatuko du. Honenbestez, 2015. Urteko edizioak bere gune ezagunenetakoa berreskuratuko du, hau da, berriki inauguratu den dunen gaineko zurezko pasarela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.