#ZTri2014-a jarraitzeko lekurik onenak

Hauek dira ostirala eta larunbata bitartean publikoaren artean banatuko ditugun flyerrak. Garrantzitsua da guretzat errepide bazterrean jendea animatzen egotea. Horregatik ibilbide guztian zehar aurkitzen diren lekurik politenak irudikatu ditugu planoan.

Igeriketa zatia gertutik jarraitzeko Zarautz eta Getaria lotzen dituen pasealekura gerturatu zaitezkete. Irudi zoragarriak ikusi ditzakezue bertatik, igerilariak kostaldetik oso gertu pasatzen baitira. Ederra, triatleta guzti horien iritsiera Zarauzko hondartzara ere. Eguraldi onarekin gainera, hondarretatik bertatik jarraitu dezakezue.

Bizikleta zatia ikusteko baina, mugitu egin beharko duzue kanpinera, Aiako paretera edo Meagasera. Gogoratu leku hauetara joan ezkero ezingo duzuela mugitu eskoba pasa arte. Guztiz debekatuta dago lasterketaren zentzu berean autoarekin zirkulatzea.

Itsas pasealekutik bertatik ere jarraitu dezakezue triatleten jarduna. Bi bider pasako dira Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidetik.

Azkenik, hiriko edozein txokotan jarraitu ahalko duzue korrika zatia. Nahi beste puntu estrategiko dituzue horretarako. Jende gehien biltzen den lekua kale nagusia, udaletxe plaza eta malekoia bera dira.

Animatu kirolariak. Asko eskertuko dizue!!!

Read full storyIruzkinak ezgaituta

Eguzkilore bitxi enpresak BH Zarauzko Triatloia lagunduko du

Eguzkilore, bitxiak sortzera zuzenduta dagoen enpresa da. Lehen aldiz BH Zarauzko Triatloia lagunduko du. Bereak izango dira lehen hiru emakumezkoei emango zaizkien lepokoak. Bitxietako bat atera berri duten bildumakoa izango da gainera.

Harea izena du bilduma horrek eta gure kostaldean dauden hondartzetan inspiratuta egin da. Kolekzio horretako lepokoek hondartza horietako hondarra dute barruan. Eurek dioten moduan, “hondartzetako zatitxo bat gurekin eramateko era bitxi bat” sortu dute. Zarauzko hondartzan inspiratutako lepokoa ere sortu dute Harea kolekzioaren barne.

Eguzkilore enpresa 2007. urtean sortu zen Zuluaga bitxigileen eskutik. 50 urte baino gehiagoko ibilbidea zeramaten bitxitegi altuko munduan. Honela lortu izan dute Estatu mailako Bitxigintza elkarteko errekonozimendua, besteak beste. Markaren jaiotza lorean bertan oinarritu zen, eguzkilorean. Aintzinan etxeko ateetan eskegitzen zen bertan bizi zirenen babeserako.

Read full storyIruzkinak ezgaituta

BH Zarauzko Triatloia 2014 – Parte hartzaileak

Izen-emate prozesua aspaldi itxi zen arren, iritsi da 2014ko BH Zarauzko Triatloian parte hartuko duzuenon izenak jakiteko garaia. Zuek, 650 parte hartzaileok izango zarete datorren ekainaren 14an protagonista bakarrak beste behin ere.

Izen-emateko modua aldatu egin da aurten eta bi epetan egin da. Aurrenengo aldiz lehentasuna eman zaie 2013ko edizioan irteera hartu zuten haiei. Antolakuntzak aukera berri bat eman nahi izan die orduko hartan frogaren alde egin zutenei. Askok aprobetxatu zuten emandako aukera, baina halere plaza asko gelditu ziren libre oraindik. Horregatik, bigarren epe bat zabaldu zen frogan interesa zutenei Zarautzen parte hartzeko aukera emanez. Egun gutxitan dortsal guztiak amaitu ziren.

Hemen duzue datorren BH ZARAUZKO TRIATLOIA 2014an izango diren parte hartzaile guztien IZENAK. (Behin behinekoa)

Read full storyIruzkinak ezgaituta

Podiuma zapaldu nahi du berriz Pedro Miguel Reigek

Alicantetik dator eta sariz betetako ibilbidea izan du. BH Zarauzko Triatloian parte hartutakoa da. 2012an izan zen eta orduko hartan hirugarren postuan amaitu zuen froga. Bi urte beranduago, Zarautzen ariko da berriz. Datorren ekainaren 14an orduko hartan lortu zuena hobetzen saiatuko da. Zirkuitu ezberdin batekin egingo du topo, baina hala ere bere ezaugarriek ematen dioten gaitasuna azaleratzen saiatuko da. Pedro Miguel Reig da bera.

Pedro Miguel Reig

Azken orduko baieztapenen zain, Reigek osatzen du 28. BH Zarauzko Triatloia 2014a irabazteko faboritoen zerrenda. Izen handiko triatleten jarduna Zarauzko kale ezberdinetan zehar ikusi eta jarraitzeko aukera izango da.

Read full storyIruzkinak ezgaituta

Sergio Marques, atzetik aurrera

Lehen aldiz etorriko da BH Zarauzko Triatloira Sergio Marques portugaldarra. Hamaikatxo ironman egina da bera, eta bere kirol ibilbide guztian zehar erakutsi duen esperientzia ondo baino hobeto frogatua du dagoeneko.

Aimar Agirresarobe, Roger Serrano eta Fraser Cartmellekin batera, faborito gisa ageri da txapelaren lehia gogor horretan. Froga amaiera indartsua du, gutxitik gehiagora egin ohi du lasterketan zehar. Bizikletan eta korrikna ederki moldatzen da. Datorren ekainaren 14an ikusiko al dugu lehen postuetarako borroka horretan Sergio Marques?

Read full storyIruzkinak ezgaituta

Fraser Cartmell, gertutik jarraitu beharreko hautagaia

Eskoziaren ordezkari bezala dator Catriona Morrisonekin batera. Esperientzia handiko triatleta da, distantzia luzean espezialista. Ironman distantzia frogetan parte hartutakoa da, eta guztietan emaitza ederrak lortu ditu. Datorren BH Zarauzko Triatloian lehen aldiz ariko da Fraser Cartmell.

Scotland Triathlon bere herrialdeko triatloia irabazi berri du, eta hirugarren sailkatu zen pasa den apirilean Elchen jokatu zen frogan. Zarauzko helmugan garaipena lortzeko hautagaietako bat da. Bere kirol ibilbideak ematen dio berme hori. Datorren ekainaren 14an BH Zarauzko Triatloiaren irabazle berri bihurtu daiteke. Gertutik jarraitu beharko da.

Read full storyIruzkinak ezgaituta

Roger Serrano: “Ikuskizun apur bat ematen saiatuko naiz”

Australiatik itzuli berria da. Duela gutxi hartu zuen lur. Bertan bizitako esperientziekin lerro berriak idatzi ahal izan ditu bere egunerokoan. Laster irakurri ahal izango dugu ordukoari buruzko zerbait www.rogerserrano.com, bere webgunean. Iaz hartu zuen parte lehen aldiz BH Zarauzko Triatloian. Ordukoan, baina, igerian egin ez izanaren arantza geratu zitzaion barruan. Roger Serrano ikuskizuna eta gerra ematera itzuliko da Zarautzera.

Marmokak urrun egon daitezela nahi du bere bigarren parte hartze honetan. Barruan duen arantza atera nahi du. Iaz lortutako zortzigarren postuaren ondoren, ikusi beharko da nola moldatzen den Zarauzko frogan. Bera ezagututa, ordea, sorpresaren bat ematen ahaleginduko da ziur. Datorren ekainaren 14an zeresana emango du.

Read full storyIruzkinak ezgaituta