Zarauzko Triatloi Elkartea, lurraldearen izaera

Zarautz  Club  2

Zarauzko Triatloiaren arima eta lurraldeko ikurra. Gipuzkoako kirolaren zutarria, probak gaur egun duen maila ez litzateke bera izango herriko taldearengatik ez balitz. Patricia Damian Presidentearen eskutik, harreman horren gakoak ezagutuko ditugu.

Sorrera

1991ean sortu zen Zarauzko Triatloi Elkartea, herriko bost kirolarik bultzatuta. Ordurako Zarauzko Triatloiaren bospasei saio eginak ziren, garai hartan oso ekitaldi deigarri eta bitxia zen arren. Ero batzuk baino ez ziren ausartzen kirol hirukoitzarekin. Hor sortu zen kluba.

Jakin-minetik egonkortasunera 

Taldea sortu zenean, herriko beste hainbat kirolaretan zebiltzan gaztek bat egitea erabaki zuten, jakin minak bultzatuta. Beren kabuz ikasten zuten kirolariak ziren. Furgonetan Frantziara joan eta lehiaketa bila aritzen ziren, albalean bildutako otartekoarekin. Taldekide horien bizipenak triatloi herrikoiaren funtsa dira: adiskidetasuna, barreak eta pike sanoa.

Baina urteek aurrera egin ahala, Klubak 50 bazkide bazituen 2006 urterako, horien artean gure erreferentzia nagusia, Ainhoa Murua. Eta une horretan erabaki genuen Zarauzko Triatloiaren gidaritza hartzea, Turismo Bulegoari ardura arinduz.

Gaur egun taldeak ehun bazkide inguru ditu, Euskadiko nagusietako bat izanik. Hain zuzen ere, ezinezkoa da ia Zarautz eta Zumaia arteko bidea egitea CODEAM (taldearen babeslea) jartzen duen mailota ikusi gabe. Horrez gain, ahal dugunean egitasmo solidarioekin bat egiten dugu, Triatloi Txikia kasu, ASPANOGIri laguntzeko. Hau guztia nahikoa ez eta abentura berri batean sartu gara, datorren apirilaren 22an Aizarnazabalgo Duatloia antolatzen.

Sentitu eta inplikatu, ezinbestekoak

Triatloian hasteko gogoa eta Zarauztarra edo ingurukoa izatea nahikoak dira ZTEn sartzeko, beti ere triatloi talderik ez duten herrietakoak badira. Azken boladan maila handiko gazteak etorri zaizkigu, baina ez gara beren bila joan. Behar dituzten bitartekoak bermatzen dizkiegu eta, hori bai, taldeko betebeharrekin guztiei konpromiso maila handia eskatzen diegu. Herrikoiak gara eta nahiz eta batzuek oso serio hartzen duten, beste batzuk izarrak lerrokatzen direnean ateratzen dira entrenatzera.

Zarauzko Triatloian bikaintasunaren bila

Hasieran froga oso-osorik taldeak antolatzen zuen, baina 2010. urtean kanpoko laguntza beharrezkoa zela erabaki zen, alorrean profesional diren enpresena, alegia. Horrek ez du esan nahi ardura utzi dugunik. Aurkakoa, eta eskakizun maila oso handia duten enpresek badakite asko eskatzen dugula.

Izan ere, boxeetan triatloilari herrikoiak eta goi mailakoak nahastuta ikustea atsegin dugu. Triatloiaren izaera da hori, eta horrela gorde nahi dugu. Zarautzen onenak edikutzea nahi dugu, beti, baina elite eta herrikoien arteko oreka ona lortu dugula uste dugu.

Lasterketako egun zoragarri horretan magiaz beterik konbinatzen dira goi mailako proba bat (prentsa aurrekoak, elkarrizketak, argazkilariak, telebistako kamerak, autografoak, photocalla…) eta betiko proba batek dituen osagaiak.

Triatloiaren Zegama – Aizkorri 

Berritu ala hil, hori zen gakoa. Horregatik probaren antolaketa profesionaltzea ezinbestekoa zen. Enpresa profesionalekin elkarlanean aritzeak hobekuntza asko ekarri du, baina triatloilariak probaren izaera mantentzea baloratzen du: ibilbidea eta distantziak, Aiako eta Txurrukako pareten mistizismoa, Zarauzko kaleetako giroa…

Gure lehentasuna dirua balitz, 1.000 lagunera igoko genuke partaideen kopurua, 650 izan ordez. Baina ez gaude hemen negozioa egiteko, eta hori triatloilariek baloratzen dute, nahiz eta askotan dortsala lortu gabe gelditu.

Funtsean, triatloilariek 130 euroko izen ematea inbertsio ona dela pentsatzen jarraitzea nahi genuke. Norbera bere ezaugarriekin, triatloiaren Zegama-Aizkorri izatea nahi dugu. Ez da gutxi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.