“Zarauztarrek harrera oso ona egin izan diote triatloiari betidanik”

Zarauzko Triatloia_aitzindariak

Jesus Agoues eta Jose Maria Gibelalde urte luzez aritu ziren Zarauzko Trilatloia antolatzen, hastapenetako garaietatik. Lehen urte haietako kontuak ekarri ditugu gogora elkarrizketan.

Nola sortu zen Zarauzko Triatloia?

Agoues: Zarauzko Triatloiaren hazia Getaria-Zarautz igeriketa froga dela esango nuke. Kanpotik jende dezente etortzen zen zeharkaldia egitera. Horietako bat Oscar Gutierrez zen, Santanderkoa, eta Zarautz ikaragarri gustatzen zitzaion. Haren ideia izan zen triatloia antolatzen hastea.

Jakin nuenez, Gasteizen triatloi bat antolatzeko saiakeran zebilen garai hartan, eta aukera hura atera ez zenean, Zarauzko Turismo Bulegoko atea jo zuen. Haiek igeriketa froga antolatzen zutenekin jarri zuten harremanetan, eta esango nuke, hor duela sorburua Zarauzko Triatloiak.

Gibelalde: 1987an gertatu zen hori. Urte horretan, Zarautz herriaren sorkuntzaren 750. urteurrena betetzen zen, eta orduko Udalak zerbait berezia antolatu nahi zuen. Horren harira, gurekin, hau da, atletismo taldearekin harremanetan jarri ziren. Igeriketa eta kulturismo taldeekin ere bai, denon artean zer egin genezakeen erabakitzeko.

Ordurako bagenuen Estatu Batuetan egiten ziren triatloien berri, eta aipatutako Oscar Gutierrezek bazekien zerbait guzti horren inguruan. Hemen igeriketako froga egiten zenez, eta ingurua oso aproposa zenez bizikletarako eta korrika egiteko, hiru disziplinak uztar genitzakeela ikusi genuen.

Zer distantziak zituen lehen triatloi hark?

Gibelalde: 2 kilometro inguru igerian, 80 kilometro bizikleta gainean eta 20 kilometro korrika.

Eta zenbat lagunek parte hartu zuten lehen edizioan?

Gibelalde: Oker ez banago, 40 lagun inguruk.

Agoues: Bai, eta parte hartzaile horietatik bi ziren zarauztarrak. Nik bigarren edizioan parte hartu nuen. Urte horretan, Austral markakoek esan zuten ez zutela gehiago antolatuko triatloia, eta orduan, Turismo Bulegoko Ana Marik Juan Treku eta bioi deitu zigun. Gibelalde ordurako saltsan zebilen. Urtetan zehar, lauron artean antolatu dugu proba.

Hasierako urte haietan, nolakoak ziren banatzen ziren sariak?

Agoues: Ez dut gogoan zehazki, baina nahikoa onak ziren.

Gibelalde: Bai, eta emakume eta gizonezkoentzat berdinak.

Agoues: Emakume batek parte hartu zuenetik, sariak berak izan dira. Uste dut horretan aitzindariak izan garela.

Eta izen handiak etortzen al ziren Zarautza?

Agoues: Godoy, Santamaria, Eduardo No… Ia bi metro zituen Autraliar bat ere etorri izan zen, ederra fenomenoa! Dena den, orduan triatloia ez zen sona handiko kirola, eta hauek guztiak ez ziren ospetsuak… Baina, bai, jende ona etortzen zen; horren froga da Zarauzko frogak urte batean Europako zirkuiturako puntuagarria izana.

Anektoda bezala, gogoratzen naiz Juan eta biok tirabirak izaten genituela jende ezagunaren kontuarekin; hura saiatzen zen izena zuten kirolariak ekartzen, bidaia ordainduta etab. Nik esatenion, “nola ba! Australiar hori etorri edo ez, froga berdina izango duk eta…” kar kar kar Hura triatloiaren prestigioa handitzen saiatzen zen.

Zarauztarrek nolako harrera egin izan diote Zarauzko Triatloiari

Agoues: Oso ona. Herriko jende batek asko bizi ian du triatloia. Dena den, aldeko jarrera izan arren, hasierako urte haietan arazo handia izaten zen triatloiaren egunerako boluntarioak lortzea; jende asko behar izaten da. Hala ere, batzuk beti azaltzen ziren edozertan laguntzeko prest. Babes handia izan genuela esan dezakegu. Guk ahalegin handia egiten genuen ezagun eta ingurukoak “engatxatzen” kar kar kar… Gaur egun, nire kuadrillakoek laguntzen jarraitzen dute!

Zirkuitua da Zarauzko Triatloiaren bereizgarri nagusienetako bat.

Agoues: Juan Trekuk izan zuen zirkuituaren nondik norakoak zehaztearen ardura. Bere garaian, Juanek proposatzen zituen aldapen kontra agertu nintzen ni (Aiakoak). Parte hartzaileei gogorregia irudituko zitzaiela uste nuen, eta jendeak gaizki har zezakeela. Gerora ikusi den bezala, denborak arrazoia eman dio Juani; neurri handi batean, zirkuituaren berezitasunengatik bihurtu delako klasiko bat triatloia. Gainera, zoragarria da paisaia guztia.

Lan asko egin zenuten, urtez urte. Nekea pilatu al zitzaizuen?

Agoues: Bai, nik nekatuta bukatu nuen oso; baina, uste dut, momentu onean eman geniela erreleboa hurrengoei. Talde berria sartu zenean, gu nekatu samar geunden. Talde berria gu ausartu ez ginen gauzak egitera ausartu zen; esaterako, dortsalen prezioa igo zuten, eta parte hartzaile kopurua 600etik 300era jaitsi. Modu horretan, froga finantziatua egotea lortzen zuten. Horrez gain, komunikazio lanak etab. askoz ere gehiago zaintzen hasi ziren.

Aurtengoa 33. edizioa izango da. Proba gerturatu ahala, ilusiorik izaten al duzue?

Agoues: Bai, nik urtero izaten dut ilusioa. Froga egunean, motorra hartu eta aldapetara joaten naiz, animo ohiuak eta txaloak egitera. Sentitzen dut halako harrotasun txiki bat oraindik…

Zer etorkizun ikusten diozue frogari?

Agoues: Itxura oso ona du. Kanpotik behintzat, dena ondo doala dirudi. Ez dakit zenbat lagun dabiltzan zehazki antolakuntza lanetan, baina froga ondo antolatua dagoela ikusten da. Esan bezala, uste dut momentu onean eman geniela erreleboa hurrengoei, eta hauek, beste bultzada bat eman diote.

99 emakumek parte hartuko dute aurten frogan. Goruntz doan zifra da.

Agoues: Nik parte hartu nuen urtean emakume bakarra atera zen lasterketan: Dina Bilbao. Oso ezaguna zen Euskal Herri mailan, hainbat kiroletan. Orain 99 emakumek parte hartzea seinale oso ona da. Nik uste dut horretan eragin handia izan duela Ainhoa Muruak, bere ibilbidean eman dizkigun poz guztien ondorioa da.

Gibelalde: Bai, emakume kopurua goraka doa, eta oso pozgarria da.

Anekdota asko izango dituzue gogoan.

Agoues: Bai, bat nirea… Nire lehen triatloia egiteko nahikoa komeria ibili nituen. Uretarako neoprenozko jantzia behar zen, eta ordukoek dirutza balio zuten, 25.000 pezeta inguru. Zer egin ez nekiela, Getariako lagun batek bota zidan: “Nik lagako diat urpekaritza egiteko erabiltzen dudan neoprenoa!”.

Triatloia baino astebete lehenago, txaparro txiki batekin proba egin nuen itsasoan, eta izoztuta iritsi nintzen hondartzara. Orduan, urpekaritzakoa erabiltzea besterik ez zitzaidan geratu. Etxean probatzeko jantzi nuen, eta ia ezin izan nuen kendu, hura komeriak!

Triatloiaren egunean, antolakuntzakoei baimena eskatu nien, nire bi lagunei neoprenoa kentzen laguntzeko baimena eman ziezaieten. Momentu hori jasotzen duen argazkia dago, mundiala da! Biak nire neoprenoari tiraka… Beste garai batzuk ziren!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.