Menu

Zarauzko Triatloiaren 34.edizioak 100 emakume bilduko ditu ekainaren 13an

Noticia TRIATLON CARTEL 2020
  • Aurretiazko izen-ematea 3.243 pertsonek egin zuten, iaz baino %15,8 gehiago.
  • Irudi berriarekin bada ere, “Bakarra Da” lema mantenduko du triatloiak.

Zarauzko Triatloiaren 34. edizioak, emakumeen presentzia bermatuko du ekainaren 13an. Zehazki, Zarauzko kirol froga esanguratsuak 100 emakume bilduko ditu, iazko datua mantenduz.

Zarauzko Triatloiaren arrakasta urtetik urtera hazten doan seinale dira ere aurretiazko izen-ematea egin zuten 3.243 pertsonak, iaz baino 382 gehiago.  Urriaren 28an burutu zen Zarauzko Triatloiaren izen-emate zozketan, 1.900 izan zen zenbaki saritua eta hortik aurrerako 599 zenbakiek Zarauzko Triatloian izena emateko aukera eskuratu zuten.

Triatleten jatorriari dagokionez, 249 izango dira parte-hartuko duten euskal herritarrak, 425 estatu mailakoak eta 26 atzerritarrak. Azken hauek Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Alemania, Holanda eta Suitzatik etorriko dira.

Haritz Eizagirre diseinatzaile zarauztarrak garatutako irudi berriarekin, “Bakarra Da” lemapean ospatuko da aurten ere Zarauzko Triatloia. Izan ere, nagusiki bost dira froga hau bakarra egiten duten ezaugarriak:

Giroa: Zarauzko herriaren inplikazioari eta urtez urte froga hau ikustera gerturatzen diren ikusleei esker, Zarauzko Triatloiaren bereizgarri handienetarikoa da bertako giro euskaldun eta alaia. Frogak herria zeharkatzen du eta herriko plazan amaitzen da, ikusleen berotasuna eta indarra parte-hartzaile guztiengana zabalduz. Kirol froga bat izateaz gain, festa bat ere bada Zarauzko herriarentzat, eta parte-hartzaileek ez dute sekula ahazten bertan ematen zaien babesa. 

Zirkuitua: Pasaia paregabe batean, bi herrien arteko itsasoa igerian zeharkatzen duen 2,9 kilometroko itsasaldiak, bizikletaz egin beharreko 81 kilometroko ibilbide malkartsuak eta herria korrika zeharkatzen duen 21 kilometroko lasterketak, Zarauzko Triatloiko zirkuitua bakarra egiten dute. Ohiko distantzietatik at geratzen den froga da Zarauzko Triatloia, edozein kirolariren burua frogan jartzeko moduko erronka. 

Aitzindaria: Zarauzko Triatloia 1987. urtean ospatu zen lehenengo aldiz, triatloi txapelketen mundua oraindik garatzeko zegoen garaian. Estatu mailan burutzen den aurrenetariko triatloia da Zarauzkoa, distantzia bereziak ditu eta maila honetan zaharrenetarikoa da. Ezaugarri berezi hauek, 700 triatleta erakarriko dituzte Zarautzera 34. edizio honetan. 

Antolamendu Herrikoia: Urtez urte lanean diharduten 300 bat boluntarioei esker, zirkuitu guztian zehar Zarauzko Triatloiaren segurtasuna, kalitatea eta babesa bermatuak daude. Banakako herritarrez gain, hainbat kirol talde, herri eragile eta triatletek ere laguntzen dute froga antolatzen eta kirolariei beren babesa eskaintzen. Guzti hauen jakintza eta esku-hartzea begi-bistakoa da frogaren kalitatea bermatzen duten hainbat elementutan: alfonbrak froga ezberdinen arteko ibilbidean, seinaletika egokia zirkuitu guztian zehar… 

Euskalduna: Laguntzaileak bertakoak izanik, froga guztian zehar euskara da Triatloiko hizkuntza nagusia. Elkartearen aldetik, komunikazioa elebitan egiten bada ere, euskara lehenesten da; kazetariak, taldekideak… Hizkuntza beraz gain, froga osatzen duten hainbat elementuk ere lotura zuzena dute euskal kulturarekin; irabazleei ematen zaien euskal txapela, parte-hartzaile guztiei eskaintzen zaien euskal gastronomian oinarritutako afaria edo frogan zehar entzun daitekeen musika, esaterako. Guzti honek izaera bakarra eskaintzen dio Zarauzko Triatloiari.

Esentzia honen garrantzia aintzakotzat hartuta, Triatloiaren 34.edizioak orain arteko ezaugarri berak mantentzen jarraitu nahi du, kirol-gogortasuna eta paisaia zoragarriak zeharkatzeko aukera ematen duen froga izaten jarraituz eta parte-hartzaile kopurua mantenduz.

Izan ere,  frogaren kalitateak lotura zuzena du bere neurriarekin. Parte-hartzaileen kopurua 700 pertsonetara mugatzeak paregabea den ibilbide bat egitea ahalbidetzen du Getariako hondartzatik hasi eta Zarauzko erdigunera arte. Ezaugarri hauetako ibilbide bat egitea ezinezkoa litzateke urtez-urte eskuzabaltasun osoz beren laguntza ematen duten 300 boluntarioak gabe. Beraiei esker, triatletek jarraibideak dituzte ibilbide guztian zehar baita hauen laguntza eta animoak ere. Triatloia handiagoa egiteak, hau da, parte-hartzaile gehiagorentzat irekitzeak, frogaren kalitatea kaltetu zezakeen, baliabideen neurria areagotzea nahitaezkoa litzatekeelako. Azkenik, beste urte batez ere, triatleta profesionalen presentziak frogaren maila handia bermatuko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.