Felix Zubia: “Parte hartzaile bakoitzaren erritmoa bihotzak markatu behar du, eta ez erlojuak”

Argazkia  Gurutze  Gorria  (1)


Felix Zubia Zainketa intentsiboen saileko medikua da Donostiako Ospitalean. Medikuntzan Doktorea den zarauztarrak 25 urte daramatza Gurutze Gorriko boluntarioa izaten. Aurten ere, 30 laguneko boluntario taldearekin batera, Zarauzko Triatloian izango da parte hartzaileen segurtasuna bermatzen.

Hilabete baino gutxiago falta da Zarauzko Triatloirako. Puntu honetan, osasunari dagokionez, triatleta batek zer izan behar du kontrolatuta?

Entrenamendu gogor eta luzeenen fasea bukatuta izan ohi da garai honetarako; orain, parte hartzaile gehienak definizio fasean egongo dira ziurrenik. Batez ere, gainentrenamenduarekin kontuz ibiltzeko esango nieke. Azken hilabetean egindako bolumen handiko entrenamendu bat kaltegarria izan daiteke proba eguneko errendimenduarentzat.

Bestalde, bazkalosteko eta arratsaldeko orduetan entrenatzeko aholkua emango nieke parte hartzaileei, gorputza Zarauzko Triatloiko baldintzetara egokitzen hasteko.

Orokorrean, zein dira triatleta batek zaindu beharreko minimoak?

Triatloi bat egin aurretik, mediku azterketa bat egitea funtsezkoa iruditzen zait, gorputzaren egoera ahalik eta era zehatzenean ezagutzeko. Halakoetan, bihotzetik etor daitekeen bat bateko heriotzari zaio beldurrik handiena, eta egiten diren azterketek ez dute orain artean hori ekiditeko eraginkortasunik erakutsi; dena den, halako azterketa batekin kirolari bakoitzak nahikoa informazio izango luke, probarako planifikazioa behar bezala egiteko.

Mediku baten ikuspegitik, zein dira osasunaren arloan triatloiak prestatzen dituztenek egiten dituzten hutsik nabarmenenak?

Batez ere, gainentrenamendua da akatsik ohikoena. Iraupen luzeko kiroletan aritzen diren askok egiten dute: entrenamendu ordu gehiago sartzeak errendimendua hobetzen duela uste izaten da, eta ez da beti horrela. Entrenamendu batek bi zati ditu: jarduera eta atsedena, eta biak dira beharrezkoak.

Zoritxarrez ohikoa den beste akatsa da proba baino egun batzuk lehenago gaixotasunen bat izan (gastroenteritis, katarroak…) eta, hala ere, lehiatzera ateratzea.

Zure espezialitatearen ikuspegitik, nola eragiten dio gorputzari triatloiari emanda bizitzeak?

Beste ezer esan aurretik, kirola egitea gorputzarentzat ona dela nabarmendu nahi dut. Gero, entrenamenduen intentsitatea handitu ahala, gorputzean gertatu daitezkeen aldaketak ere handiagoak dira.

Alde batetik, bihotzean aldaketak gertatzen dira, hasiera batean onak izan daitezkeenak, baina beste batzuetan ez: bihotzaren hormak loditzea, adibidez (Miokardiopatia hipertrofikoa izenarekin ezagutzen dena).

Mutur-muturreko entrenamenduak urte luzez mantenduz gero, arritmiak gertatzeko arriskua ere gerta liteke. Gorputzari egur handiegia emateak izan ditzake ondorioak: giltzaduretan artrosiak edo lesio tendinoso kronikoak sortzeko erraztasuna, adibidez.

Sarritan esan izan da iraupen luzeko kirolak –maratoia, triatloia…— kaltegarriak direla osasunarentzat. Egia al da hori?

Gorputzarentzat dagoen gauzarik txarrena sedentarismoa da, ezer ez egitea. Zein den kirola egiteko neurri ideala? Astean 5 aldiz, egunean 45 minutu.

Gehiegi entrenatzeak eragin ditzake eragin ditzake ondorioak gorputzean, baina argi utzi behar da: okerragoa da ezer ez egitea.

Urteak daramatzazu Gurutze Gorriarekin Zarauzko Triatloiean lanean.

Hamar urtetik gora badira dagoeneko. Guretzat, logistika aldetik probarik zailena da: lehenik itsasoko zeharkaldia zaindu behar dugu, eta gero, bizikleta eta korrika ia aldi berean, eremu oso zabalean. Baliababide asko behar izaten ditugu behar bezala lan egiteko, eta probintziako jendeari laguntza eskatzen diogu.

Itsasorako hiru itsasontzi eta hiru uretako motor erabiltzen ditugu. Lasterketarako anbulantziak sakabanatuta izaten ditugu puntu garrantzitsuetan, eta motorrak ere bai. 6 anbulantzia izaten dira guztira. Kanpainako ospitale bat ere izaten dugu montatuta, eta koordinazio zentroa. Denera 30etik gora lagunek parte hartzen dugu segurtasun taldean: bi mediku, bi erizain, koordinazio zentroa eta boluntario taldea.

Zuek artatzen duzuen jendeak, zein lesio izaten du sarrien?

Bizikletako erorikoei izaten diegu beldurrik handiena; normalean, hor gertatzen dira kasurik larrienak. Bestalde, bero kolpeekin ere adi ibili behar izaten dugu.

Nola ekidin daitezkeen? Norberak bihotzaren erritmoa errespetatuta, eta ez erlojuarena. Parte hartzaile askok erlojuaren erritmoari denbora luzez eusten diote oso izorratuta egon arren, eta horrek harritu izan gaitu. Halakoetan, gure aholkua erritmoa jaistea izaten da lehenik, eta ondoezak iraunez gero, lasterketa uztea, ondorio larriagoak ekiditeko.

Azken urte hauetan nola bizi izan duzu Zarauzko Triatloiaren eboluzioa?

Proba hazten ikusi dugu urtez urte, eta zenbat eta parte hartzaile gehiago izan, gure lana zailagoa da, arrisku gehiago daudelako. Guretzat baliabide aldetik egun berezia da, erronka handia.

Publikoak zer egin dezake zuen lana errazteko?

Batetik gure interbentzioren bat egin behar dugunean irisgarritasuna erraztea, eta ez pilatzea istripuari begira.  Bestetik, parte hartzaileei animo oihuak eskaintzea oso ondo dago, baina aurpegi txarra duen atletaren bat ikusiz gero, hobe da hari animorik ez ematea.

Bi mezu labur, parte hartzaileei eta afizioari.

Parte hartzaileentzat, gogoan izatea bihotzak markatu behar duela erritmoa, erlojuak ez. Gaizki sentituz gero, hobe da proba uztea, izango dira aukera gehiago ere etorkizunean.

Publikoko jendearentzat, animatu, lagundu, baina norbait gaizki ikusiz gero, antolakuntzari horren berri eman, parte hartzailea gertutik zaindu dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.